Goizeko izarra ikastola - Mutriku
Eleanitz-Ingelesa

•"Eleanitz-ingelesa" eleaskotariko hizkuntzen planteamendu integratua egiten duen "Eleanitz" proiektu zabalagoaren barruan kokatzen da. Ikasmaterialak dira proiektuaren muina eta bihotza. Materialetan islatzen dira    hizkuntzen irakaskuntzari buruzko ikusmolde teoriko-metodologikoak eta helburuak lortzeko aukeratzen diren edukiak eta jarduerak. Materialetan oinarrituz egiten da gelako eguneroko lana. Materialetan oinarrituz bideratzen da irakaslearen praktika eta ikasleen ikaskuntza prozesua eta ebaluazioa. Materialen planteamendu teoriko-metodologikoan eta horien aplikazioan eta hobekuntzan oinarrituz egiten da irakaslearen prestakuntza.

Ikasmaterialak garrantzizkoak izanik ere, hanka-motz geratzen da irakasleen prestakuntzarekin batera ez bada horien erabilera planteatzen. Irakasleen prestakuntza hiru zutaberen inguruan antolatzen da:

•Informazio teorikoa eta didaktikoa: Helburua ikasmaterialak sortzeko oinarri bezala erabili diren abiapuntu teorikoen informazioa eskeintzea eta material kurrikularrak egokiro erabiltzen jakiteko behar diren teknika edo prozedura didaktiko eta metodologikoak irakastea da.

•Praktikari buruzko gogoeta: Material hauen aplikazioa ez da pasiboki eta akritikoki egiten, bakoitzaren praktika gainerakoen praktikarekin kontrastatuz baizik. Halaber, materialen ebaluazioa kontrastatu eta hobetzeko proposamenak egiteko balio izaten dute ihardunaldi horiek.

•Lanaren jarraipena geletan: Proiektuaren koordinatzaile pedagogikoak, proiektuan inplikatuta dauden irakasleen ikasgeletara joaten dira aldizka-aldizka, aholku emateko asmoz.

Metodologia aldetik, ikuspuntu naturaletik egiten da planteamendua. Adin bakoitzean ikasteko era desberdina da, eta beraz, planteamendu metodologikoa ere bai. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzan, haurrak hizkuntzaz jabetzeko berez dituen estrategiak hartzen dira oinarritzat, bere ama hizkuntzan aplikatzen dituen horiek, eta atzerriko hizkuntzan aplikatzeko ahalik eta une gehien eskaintzen saiatzen gara. Eskolan hizkuntza horretan bizitzeko testuinguruak sortzen dira, eta eskola giroan naturalak izan daitezkeen erabilerak ingelesez egiten dira. Horretarako, testuingurua ondo finkatu beharra dago eta hasiera-hasieratik ingelesez aritzeko aukera izango dutela ziurtatu.  Adina igo ahala, poliki-poliki eskola gaien inguruko planteamendua egiten da. Lehen Hezkuntzaren bukaeran proiektuak egiten dira.