T. 943 89 91 52 · ?
Eskerrik asko, Bidasoa Lanbide Heziketako zurgintzari.
Gaur bertan izan gara, elkarlanean osatu dugun proiektua dela-eta, eraiki duten Intsektuen hotela jasotzen.
Laister, ikastolako kanpo eremuan ipiniko dugu gure ikasleek intsektuekin esperimentazio lana egin dezaten, hipotesiak eratu eta ondorioak baieztatu.

Gure ikastetxeko proiektuak STEAM Euskadi Zigilua jaso du, STEAM Euskadi Estrategiaren helburuetara bideratuta egoteagatik, STEAM Hezkuntza sustatzeagatik eta STEAM izaera edukitzeagatik. Azken hiru urte honetan egin dugun lanaren fruitua dela esan genezake; gure egunerokoan ikasleengan zientziarako begirada eta motibazioa sustatu baititugu.

 

Horrez gain, gogoz eta ilusio handiz antolatu dugu STEAM astea ikastetxean: hezkuntza komunitatearen, batez ere familien, parte-hartze aktiboa sustatzeko, ikasleen motibazioa STEAM bokazioekiko garatzeko, STEAM proiektuaren zabalkundea egiteko eta emakumeek STEAM bokazioetan duten garrantzia nabarmentzeko.

 

Bukatzeko, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak elkarlanean antolatzen dituzten sariei aipamena egin behar diogu, bertan parte-hartzeko aukera emateagatik.

 

 

Steam asteak arrakasta handia izan du.

Steam astean zehar, zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika elkar loturik sustatu eta zabaldu dira, hezkuntza komunitatea osatzen dugunon artean. Egunero irteera eta ekintza ezberdinak burutu ditugu.

 

Aurten, bigarrenez Steam Astea antolatu dugu Goizeko Izarra ikastolan. Ekimena abiapuntu hartuta, hain zuzen, zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika sustatu eta zabaldu nahi izan ditugu, hezkuntza komunitatea osatzen dugunon artean. Aldi berean, ikasleen motibazioa suspertu nahi izan dugu STEAM bokazioetara erakarriz eta emakumeek STEAM bokazioetan duten garrantzia ere nabarmendu nahi izan dugu.

 

Steam asteari hasiera otsailaren 10ean, astelehena, eman genion eta amaiera, berriz, otsailaren 14an, ostirala. Astelehenen goizean, esaterako, LH4-6 bitarteko ikasleek Mutrikuko Araztegia bisitatu zuten. Eta arratsaldean eskualdeko eta inguruko Lanbide Heziketako zentroen berri izan zuten 7 eta 12 urte bitarteko ikasleek, Steam txokoetan. Hala nola, Armeria Eskola, Mutrikuko Institutua, Kardala Akuakultura Eskola, Meka, Azkoitiko Lanbide Eskola eta IMHizan genituen gurekin.

 

Astelehenean gainera, Berritzegune Nagusiko kideen bisita jaso genuen. Hango arduradunak, Carlos Garcia eta Tere Santos, bertora etorri ziren gure praktika onak ezagutzera.

 

Otsailaren 11an, asteartean, berriz, LH4ko ikasleek Kilimon edateko uren araztegia eta LH1ekoek Kardala Akuakultura Eskola bisitatu zituzten goizean. Aritz Barrenetxea IMHko irakasle eta ikastolako gurasoak, aldiz, fabrikazio eta mekanizazio tailerra eman zien LH5koei. Maite Quintanilla irakaslearen eta LH 5 eta 6koen eskutik, bestalde, Argi Tailerrean parte hartzeko aukera eduki zuten HH4ko ikasleek arratsaldean.

 

Otsailaren 12an, asteazkenean, ostera, Steam bokazioetan jarduten duten hezkuntza komunitateko kide diren guraso eta senitartekoek euren esperientziaren berri eman ziguten. Arratsalde honetan gurekin izan genituen: Javi Otxagabia (Urumea Hortz Klinika), Arkaitz Basterretxea eta Jon Andonegi (Gipuzkoako Urak), Kepa Elezgarai (Egile Mechanics), Nerea Iriondo (Cikautxo), Xabier Beristain (Nafarroako Ospitale Gunea), Eneko Txurruka (Kardala Akuakultura eskola) eta Jon Lekube (Energiaren Euskal Erakundea).

 

Otsailaren 13an, osteguna, aldiz, LH1eko ikasleek Ekainberri bisitatu zuten, eta arratsaldean, Emakumeak Steam bokazioetan saioa gauzatu genuen ikasle ohi, guraso eta boluntarioekin: Haizea Peña (Basurtuko Ospitalea), Izaskun Alberdi (NorArte Studio), Maddalen Rodriguez (Zamudioko Parke Teknologikoa), Nahia Gartzia (Neiker), Maite Azkoitia (Gipuzkoako Urak), Cristina Zubizarreta (Tekniker) eta Amaia Kalzakorta (Bruss). Gainera, Debegesako kideen bisita jaso genuen.

 

Steam astearekin amaitzeko, otsailaren 14an, ostirala, ikasleek elkarrekintzan Steam bizipenak elkarbanatu zituzten. Haur Hezkuntzan dabiltzanek jolastokiko eremuan esperimentatzeko aukera izan zuten eta lehen hezkuntzakoek metodologia berria ezagutzeko aukera izan zuten. Lehen Hezkuntzan dabiltzan ikasleek, ordea, mailen arteko feedback saioa egin zuten, elkarri esperimentuak eginez. Ostiralean, gainera, Laudioko Latiorro eta Gasteizko Ikasbide ikastetxeko irakasleak gure praktika onak ezagutzeraetorri ziren.

 

Steam asteak emandakoarekin oso pozik gaude. Egindakoa eredu hartuta eta hobetuz jarraituko dugu aurrerantzean ere. Hau guztia elkarlanaren fruitua izan da, eta bertan parte hartu duzuen guztioi eskerrak eman nahi dizkizuegu.

 

Goizeko Izarra Ikastolan, aurten ere, otsailak 10etik 14ra STEAM astea antolatu dugu. 

 

Aste honen bidez, ondorengo helburuak lortu nahi dira:

 

STEAM proiektua, hezkuntza komunitatera zabaltzea.

- Ikasleen motibazioa STEAM bokazioekiko suspertzea.

- Emakumeek STEAM bokazioetan duten garrantzia nabarmentzea.

 

Helburu hauek lortzeko hainbat ekintza burutuko dira, ondorengo hauen partaidetzarekin: